Mezu ezagunak

2021(e)ko otsailaren 27(a), larunbata

Bizitza mugitzen: emozioak (1)

    Emozioen inguruko lantegia ezin interesgarriagoa izan zen: alde batetik, solasaldi formatuak parte-hartze zabalagoa bermatu zuelako eta, bestetik, bai Sergiok eta bai bertaratu ginenok gaiari dinamikoki heldu geniolako. Sergiok prestatu zuen aurkezpena, alde horretatik, ez zen azalpen soil bait izan; kontrara, lehen unetik bilatu zuen jendearen inplikazioa, eta baita agudo aurkitu ere.

    2020ko otsailaren 28an (jada urte bat bete da!) umorearen inguruko tailerrean gertatu zenaren hantzera, hainbestekoa izan zen parte-hartzea, non Sergiok bere aurkezpena bukatu ezin izan zuen. Luze aritu ginen solasean, eta, uneren batean, Sergiok ez ezik, solaskideok ere gidatu genuen lantegia. Izan ere, Sergiok proposatu zituen gaiak oso interesgarriak ziren, eta estilo kategorikoaren bitartez bilatu zuen polemika sustatzea. Eta, noski, lortu zuen, jendeak azkar ihardesten, osatzen edo baieztatzen baitzituen bere ideiak.

    Hala, parte-hartze handia ez ezik, iritzi aniztasuna ere izan genuela esan daiteke. Solaskideen artean bazen kimika ikasketak zituenik (emozioen alde fisiologikoa ulertzen lagundu zuena), eta baita humanitateen arloko jendea ere (emozioen izaera kulturala ere nabarmendu zuena). Baina, oroz gain, pentsamendu tailerreko eragile garrantzitsuena interesa da, zintzotasuna, eta, lantegiaren helburua, solaskideek norbere bizipenetatik abiatuta eskain ditzaketen ondorioak balioztatzea, ikasketak izan edo ez.

    Gai guztien artean, luzeen landutakoa emozien definizioa bera izan zen. "Zer dira emozioak?", galdetu zuen Sergiok, eta galdera horren ildotik emozioen sorreraren, zergatiaren eta kudeaketaren inguruko hainbat behaketa garatu genituen. Esaterako, arrazoia eta emozioen arteko bateragarritasuna (edo bateraezintasuna, norbere ikuspuntuaren arabera) polemika asko sortu zuen gaia izan zen, anitzak baitziren emozioen inguruko lanketa izendatu zuten hitzak: "kudeatzea", "kontrolatzea", "antzutzea", "ulertzea"...

     Hala, tailerrak irauten duen ordu eta erdia gainditu genuen, ia bi orduz aritu baikinen gaiaren gainean mintzatzen. Hori ikusita, bigarren saio bat antolatzea proposatu genuen, eta solaskideok aho-batez eman genuen baiezkoa. Bertaratu zirenen artean denbora azkar igaro zitzaiela zioenik ere bazegoen eta, noski, Sergiorenganako esker ona besterik ez zerabilen jendeak ezpainetan. Plazerra sortzen du halako dinamika batek jarraipena eta interesa izan dezakeela ikusteak, are eta gehiago erabilgarritasunaren arabera eraikita dagoen gizarte honetan; hain zuzen, tailerraren helburua hausnarketa bera da, ezer ziurtatzen ez badu ere, aberastasun eta osasun bide bat izan daitekeena. Mila esker, beraz, bertaratu zineten guztioi!

 

Testua: Aritz Pardina


2021(e)ko otsailaren 13(a), larunbata

Arrisku natural eta teknologikoen inguruko lantegia

Oier Zeberio zumaiarrak otsailaren hamabian eskaini zuen hitzaldia oso interesgarria izan zen. Oier Politologoa da (EHU) eta bizkaiako zentroko politika eta administrazio zientzia sailera atxikituta tesia gauzatzen dihardu. Horrez gain, kazetaria ere bada, eta Eulixe aldizkarian dituzue bere artikuluak irakurgai.

Lehenik, ezberdintasun bat ezarri zuen Oierrek. Alde batetik arrisku naturalak daude, ziklikoak direnak eta zientziari esker gehienetan aurreikus daitezkeenak. Halakoak lirateke, adibidez, sumendi-erupzioak eta, arrisku eremutik kanpo, eguraldi-iragarpenak. Bigarrenik, hondamendi teknologikoak daude, orokorrean material nuklear edo kimikoarekin lotura dutenak eta aurreikusi ezinekoak. Gainera, hondamendi nuklearren kasuan, kutsadura zentzumenen bitartez hauteman ezin denez, talde politiko jakin batekin lotura duten "elite teknozientifiko"ek interpretatzen dute arriskua, eta irakurketa horren arabera hartzen dituzte erabakiak politikariek.

Hala, arrisku teknologikoetan fokua ipini eta ezagunen zaizkigun hondamendi nuklearretan oinarrituta (Fukushima, Nagasaki eta Chernobyl, besteak beste), kutxatutako eremuen kudeaketaren inguruan luze aritu zen Oier. Dena dela, politologo zumaiarrak ezagunak eta gertukoak zaizkigun bestelako hondamendi eta arriskuak jorratu zituen. Esaterako, urtea bete berri duen Zaldibarko kasua, Zubietako erraustegiaren inguruko gora-beherak eta pandemiaren inguruko behaketa interesgarriak izan zituen hizpide.

Izan ere, Oierren ustez estatu demokratikoek hondamendien aurrean dituzten baliabideak, martxoko alarma egoera eta konfinamendua, kasu, demokratikoak ez eta nahiko totalitarioak izaten dira. Horregatik, gobernuen esku-hartzeak hondamendien kudeaketa "des-demokratizatzen" dituela azaldu zuen, eta baita demokratizazioaren aldeko irtenbideak eskaini ere.

Alde batetik, hezkuntza sistemaren eraldaketa aipatu zuen. Lehengo urtean izan genuen ikasgairik zailena, hain zuzen, izurritearekin bizitzearena izan zen zalantzarik gabe, arrisku egoera batean informatuta eta ziur bizitzea. Zentzu horretan, teknologiaren garapena geldiezina dirudien gure garaian, ingurumena kaltetu dezaketen fabrika, lantegi eta arrisku faktoreen gaineko ezagutza ezinbestekoa irizten du. Ezagutza horrek, alde batetik, arriskua era errealistan interpretatzen lagun dezake eta, bestetik, paniko egoera batean sor litezkeen joera irrazionalak baretzen (guztiok oroitzen dugu izurrite hasieran supermerkatu eta dendak hustu zirela).

Beste aldetik, kontzientziazio lana gomendatu zuen zentral nuklear edota enpresa kimikoetatik gertu gauden bizilagunontzat. Horregatik, Oier tailerren, kurtsoen, formakuntzaren eta herri-mailako ikerketaren aldekoa da. Adibide moduan, Japoniako bizilagunen "mapeo"ak aipatu zituen. Izan ere, Japoniako zonalde kaltetuetako hainbat biztanle sakontze lanetarako bildu ziren, informazioa interpretatzen ikasteko saiakera egin zuten. Ondoren, erradiazioa neurtzeko tresnak erosi eta, bide horretatik, maila ez profesional batean bada ere, kutsaduraren inguruko datu independienteak lortu zituzten. Azken batean, kutsaduraren kudeaketa demokratizatu dadin, kontzientziazio dinamikak sustatzea oinarrizkoa delakoan dago Oier.

Nire ustetan, gure tailerrak helburu hori bete zuen behintzat, hizlariak, kontzeptu berriak ezagutzera emateaz gain, gertukoak zaizkigun arriskuen inguruko kudeaketa autonomo bat bideratzeko argibideak eskaini baitzituen. Eskerrak eman nahi dizkiogu Oierri hain eskuzabal aritzeagatik.

 

Testua: Aritz Pardina



2020(e)ko maiatzaren 7(a), osteguna

Umoreari buruzko gogoeta batzuk


UMOREARI BURUZ
Maddi Nazabal Etxebeste
Agustin Arrieta Urtizberea
Orio, 2020ko otsailaren 28a


Pentsamendu tailerreko lehen saioan Agus eta Maddik umoreari buruzko auzi garrantzitsuenak aurkeztu zituzten. Hemen duzue landu ziren gaien inguruko eskema, Agusek egun batzuk beranduago bidali ziguna. Bertan duzue aurkeztu zutenaren eskema. Gainera, tailerrean landu genituen beste puntu batzuk gehitu zaizkie eskemari:


 0. SARRERA
Umorea auzi zaila da. Alderdi asko katramilatzen direlako. Galdera asko sortzen dira umorearen auzian sakontzen dugunean, eta galdera horiei aurre egiteko tresnak behar dira. Filosofian proposatu dira batzuk.
Aurkezpenaren ikuspuntua filosofikoa izango da: ez antropologikoa soziologikoa edo psikologikoa. Ikuspuntu horiek oso zilegi eta interesgarriak dira, baina desberdinak (eta elkarren osagarriak).
Orokorrean, umoreari buruz hitz egitean diseinatutako edo (gutxi gorabehera) prestaturiko umoreaz arituko gara, ez hainbeste ustekabean sortzen den umoreaz (Orion, Ximelen kontakizuna hileta elizkizunei buruz: umorea da, baina ez da diseinatutakoa, ustekabekoa baizik) Bereizketa hau (diseinatutako eta ustekabeko umoreen artekoa) pentsatu behar da.

1. ZER DA UMOREA?
Umoreak egoera psikologiko berezi bat piztu behar du hartzailearengan: entretenimendu komikoa deritzona. Pieza bat umore-pieza bat da hartzailearengan aipatu egoera psikologiko hori pizteko gauza denean (pieza bat ez da umorezkoa berez, hau da, umorerik ez dago hartzailearen erreakzioa aintzat hartu gabe).
Umorea zerk sortzen du: Umorea eta kongruentziarik eza. Umorea kontsolamendu eta terapia gisa. Umorea nagusitasun erakustaldi gisa. Umorea...
Gure ustez umore mota gehien biltzen duen ezaugarria inkongruentzia da: bizitza zeharkatzen duten arautxoak (ohiturak, egunerokoak, arauak, erregelak, ohiko jokabideak, normaltasuna, estereotipoak) agerian jartzen dira umorean eta aldi berean haiekin talka egiten duen zerbait proposatzen da. Talka horrek entrenimendu komikoa eragiten du hartzailearengan. Adibiderik errazena: Chaplinek zenbat aldiz egiten du estropezu!!! Estropezuak apurtzen du ibilera “normala”. Hori inkongruentzia mota bat da, oso basikoa.

2. UMOREA EBALUATZEKO BIDEAN. LEHENIK ETA BEHIN UMOREAREN INTERPRETAZIOA
- Testuingurua: Ion Arretxeren tortura kasua, kontzentrazio-esparruetako juduen umorea. Testuinguru-gabetzearen arriskuak (Sare sozialak)
- Fikzioa: Bertsolariaren kasua, txotxongiloak… Denok uste dugu fikzio testuinguruak bereziak direla. Zergatik? Fikzioan esaten edo egiten duzunarekin ez dago konpromisoa (ez du zertan egon).

3. MUGA ETIKO-POLITIKOAK

3.1. 2-n esandakoa kontuan hartuz, umorea ebaluatzen da testuinguru batean: nork, non, noren aurrean... Umore mota bat orokorrean negatiboki (edo positiboki) ebaluatzea (esaterako, emakumeen gaineko estereotipoak erabiltzen dituen umorea orokorrean negatiboki ebaluatzea) ez da egokia. Estereotipoak arautxoak dira, generalizazioak dira, eta txiste batek testuinguru zehatz batean agian erakutsi nahi du estereotipo horrek duen arazoren bat (inkongruentziaren bat). Hau da, estereotipo arriskutsua kritikatzeko erabil daiteke umorea. Hortaz, kritika-zentsura aleka (testuinguru bati atxikita) egin behar da
3.2. Adierazpen askatasuna maximizatzeko joera edo nahia babestu nahi dugu.
Baina adierazpen askatasuna beste balio etiko-politikoekin josi behar da: justizia, eskubideak … 
Adierazpen askatasunaren eta bestelako balio politikoen arteko talka gertatzen denean kontuz! Noiz gertatzen da talka? Testuinguru batzuetan, talde ahulak, estereotipo negatiboak gorroto-hizkuntzaren parte (propaganda) bilakatzen dira… Adibide gordin bat: juduen aurkako nazien kanpaina. Han egiten zen umorea propagandaren baitan ulertu behar da, eta helburua juduen eskubideak ezerezean uztea zen…
ORIOn planteatu zen adibide egoki bat ideia hori irudikatzeko: eskolako gela batean, ikasleek (ikasle gehienek) txisteak eta txisteak egiten dituzte ikasle baten kontura. Kasu hori propaganda kasuaren antzekoa da. Kasu horretan umoreak kalte egiten du, mina ematen du, injustizia sortzen du. Zentsuratzeko kasua izan daiteke (irakasleak esku hartu behar du).

Galderak: antzeko egoera identifikatu daiteke emakumeen kasuan edo homosexualen kasuan edo…
Galderak: umorea estereotipoen garraio-bidea al da?
Estereotipoak garraiatzea, estereotipoak erabiltzea, beti txarra al da?
Estereotipoen gaineko gogoeta beharrezkoa da: zer dira, nola eragiten duten gure jokabideetan. Estereotipoen alderdi epistemiko eta etikoak...

4. ONDORIOAK
Kritikari beti ireki behar zaio atea (hori adierazpen askatasunaren parte da). Baina gauza bat da kritikatzea, non parte guztiek esku hartzen duten, eta beste gauza bat da zentsuratzea.
Horrela, kritikaren eskutik, gustuaren eta umore senaren  eboluzioa gerta daiteke (baikorrak bagara, eboluzio hori onerako izango da). Martes y Trece-ko kidearen kasua.

5. ADIBIDEAK/EZTABAIDAK (Ion Arretxe, Viktor Frankl, Tarantino kkk…) ADIBIDE BERRIAK, UMORE BELTZA


ERANSTEKO
A. “Autobus transfoboaren kasua” umorearen auzira eraman. Pentsa dezagun umore-saio transfoboaren aurrean gaudela. Zer egin? Zentsuratu? Kritikaren bidez aurre egin?


B.  (hau ez genuen Orion aipatu) Feministek (XX. mendearen 70eko hamarkadan) proposatu zuten pornografia zentsuratzea edo arautzea. Zergatik? Pornografia propaganda mekanismo gisa uler zitekeelako, emakumeen ikuspuntutik (talde ahul baten ikuspuntutik) estereotipo kaltegarriak hedatzen zituelako gizartean barrena...
Beste feminista batzuek diagnostiko hori onartzen bazuten ere, zentsuratzearen aurka agertzen ziren, adierazpen askatasunaren izenean. Zer proposatzen zuten? Ba (i) pornografia alternatiboak (berdintasunean oinarritzen direnak) eta (ii)  jarrera kritikoa (Hezkuntza sisteman lan handia eginez, noski) pornografia sexistaren aurka.

Eztabaida hori eraman al daiteke umorearen kasura? Bai/Ez?

(Antzekoa esan daiteke publizitatearen inguruan? Askotan eskatu da publizitate sexista arautzea...)

ERREFERENTZIAK
Arrieta Urtizberea, Agustin (2019), Gogoeta-bide irekiak. EHU-ko argitalpen zerbitzua. (Umoreari eta adierazpen askatasunari buruz, 1.3 eta 1.4 kapituluak.)
Nazabal Etxebeste, Maddi (2017), Umoreaz. Umorearen mugak. Filosofiako Gradu Amaierako Lana. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatea (EHU).

2020(e)ko maiatzaren 6(a), asteazkena

Pentsamendu tailerra: zertarako?

Pentsamendu tailerraren jaiotza azaltzea gauza erraza da: Donostiako filosofia fakultatean "Ikasleen mintegi" bezala jaio zena Oriora ekarri da. Gauza orokorra, inolaz ere orokorregia.

Ikasleen mintegian egiten genuen moduan, ohiko adituei baino jende gazteari eman nahi zaio ahotsa. Hala, edonork parte har dezake tailerrean. Gainera, gai bat sakontzeko ez da beharrezkoa hizlariak ikerketa sendoak, unibertsitate ikasketak, esperientzia luzea... delakoa izatea. Aitzitik. Azaleko jakinduria bat nahikoa izan daiteke gai baten inguruko hausnarketa eta kontzientzia sustatzeko.

Azken hori da Pentsamendu Tailerraren helburu nagusia. Ziur gaude Orion eta inguruan jakin-mina ez dela falta, ekarpen interesgarriak egin ditzakeen gazte asko dagoela, agian lasai hitz egiteko eta bere ideiak plazaratzeko gunea aurkitzen ez duena. Eremu hori bete nahi du lantegi honek.

Gure xedea, beraz, tailerrak kontzeptu egungho gaien inguruko oinarrizko kontzeptuak lantzea da, hots, hausnarketarako oinarrizko baliabide batzuk eskaintzea. Adibidez, Etxeluze Gaztetxean umoreari buruzko solasaldia egin genuenean, lanketa oinarrizkoa umorea pentsatzeko balio dakizkiguten kontzeptuak ezagutzera ematea izan zen. Duela gutxi egon ginen Sergio Villarrekin emozioen inguruan Instagram bidez hizketan, eta dinamika berdina garatu genuen, nahiz eta hain garrantzitsua den jendearen parte hartzea ezinezkoa izan zen. Sergio, gaia ezagutzen duena, hizlari nagusia izan zen, gaiaren inguruko ahalmendua. Tailerraren ekarpena kontzeptu berri hoiek lantzeko dinamika bat sortzea da: solasaldia.

Horrenbestez, garbi esan behar da pentsamendu tailerrak ez dituela bertara eramaten diren auziak konpontzen. Halako helburu bat arrotza zaigu, ez dugu aintzat hartzen. Zehatz esan dezakeguna honakoa da: tailerrak irauten duen ordu eta erdian kontzeptu berriak ezagut daitezkeela, eta bertan sortzen diren iritziak balioztatzen dituela. Solasaldiaren dinamikan zehar, azken batean, bakoitzak bere iritziak oinarritzeko (eta ez, nahitaez, aldatzeko) kontzeptuak eta estrategiak ikas ditzake, eta bide horretatik norbere pentsamendua sendotu.

 
Ez dago, ondorioz, egia absoluturik: pentsamendua garatzen luzera lagundu dezaketen baliabideak baizik. Hori eskaini nahi du pentsamendu tailerrak!

                                                                                                                                                        

                                                                                                                                                                                                                                                                                                       Testua: Aritz Pardina